11/2/17

Aldundia Aralarren egiten ari den kudeaketa kritikatzeko konzentrazioa

Gipuzkoako hainbat talde ekologista eta natur talde batzen dituen Naturkon elkarteak –Eguzki tartean- deituta elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Koordinakundearen iritziz, Aralar natur parkearen kudeaketa “traketsa, baldarra, desegokia eta arriskutsua” egiten ari da Aldundia. Era berean, pisten auzia dela eta sortu den “gatazka” bideratzeko ere eskatu dio, eta Aralar natur parkearen eta Natura 2000 Sarearen arauak eta betebeherrak betetzeko.
Koordinakundeak salatu du Aldundiak ez dituela Aranzadi Zientzia Elkartearen irizpideak aintzat hartu nahi, eta horrez gain, gogoratu du ez Aldundiak ez Enirio-Aralar mankomunitateak ez dituztela gizarteko beste eragile askoren (mendizale, naturzale, ekologista, ornitologo…) iritziak eta irizpideak kontuan hartu. “Auzi honetan batzuen interesak bakarrik kontuan hartzen dira, artzain eta ganaduzaleenak, parkearen beraren izaera arriskuan jarriz, eta epe luzera, artzaintza eta abeltzainarena ere bai, lurzoruaren higadura areagotzeagatik”. Aldundiak eragile ezberdinek osatzen duten Aralarko patronatuaren urteko bilera ez duela deitu ere salatu du. “Oso larria iruditzen zaigu Aldundiaren jokaera”.
Oiduiko txabolaren erreketa “horren adierazgarri nagusiena” bihurtu dela uste du Naturkonek. “Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazka hau bideratzeko eskatzen diogu, eta Aralar natur parkearen eta Natura 2000 Sarearen arauak eta betebeharrak betetzeko”.